Asier Apezetxea Iparragirre txirrindulari gazteak gogor segitzen du mendi bizikletan. Abuztuan asteburu batzuk libre izan ondotik, irailarekin batera probetan hasi da. Berekin solasteko aukera izan dugu eta pena du, bai, etxe ondoko Igantziko mendi bizikleta proban zorte txarra izan baitzuen. Irailaren 10ean parte hartu zuen. Hagitz ongi zihoan lasterketa hasieran, Patxi Zia txapeldunaren ondotik. Halere, egin beharreko lanaren erdian, gurpila zulatu zitzaion bizikletari eta gibelean gelditu zen. Asierrek laugarren akautu zuen, 5 minutu pasatxoko aldearekin, baina emaitza onak izan ditu bertze probetan. Euskadiko txapelduna eta Conor-Saltokiko txirrindulari aranztarra irailaren 2an Berrizen buruturiko Euskadiko Irekian bigarren gelditu da. Bertzalde, joan den igandean, Ramalasen (Kantabria) Espainiako Irekian parte hartzekoa zen. Vasco-Navarro txapelketan lehenbizikoa doa sailkapen orokorrean eta urriaren 1ean eta 7an Pobeñan eta Elorrioko kronoigoeran azkeneko probak eginen ditu. Bertzalde, urriaren 12an Pirinioetako Openean lehiatuko da Asier, iaz irabazi zuen lasterketan.