Joan den urtean bezala, Conor BikeZona taldeko Patxi Cia ultzamarrak irabazi zuen Igantziko mendi bizikleta ibilaldia. Patxi Ciak 56 minutu eta 58 segundu behar izan zituen 22 kilometroko ibilbidea osatzeko eta ordubetetik jautsi zen txirrindulari bakarra izan zen. Bigarrren postua, Igantziko Jose Mari Goiak eskuratu zuen, Ciak baino 3 minutu eta 52 segundu gehiago erabilita eta Jose Luis Iñorbek osatu zuen podiuma, 4 minutu eta 9 segundura helmugaratuta. Conor-Saltokiko Asier Apezetxea aranztarrak ez zuen suerterik izan eta lehenbiziko itzulian pintxazoa izan zuen. Azkenean, laugarren postuan akautu zuen, irabazleak baino 5 minutu terdi gehiagoko denborarekin. Aitor Urruzola bosgarren izan zen.
Patxi Cia eta Asier Apezetxea igande honetan Espainiako Openeko proba batean parte hartzekoak dira Kantabriako Ramales herrian.
Bertze kategoriak
Master-40 kategorian, Ramon Lekuona nagusitu zen, Iñaki Izagirreren aitzinetik. Junior kategorian, Aitor Begino izan zen lehenbizikoa eta Beñat Seminario bigarren. Kadete kategorian, Beñat Txoperena igantziarra nagusitu zen, Aritz Mujikaren aitzinetik.