“Lesaka: harria, burdina eta zura” izeneko argazki erakusketa ireki da irailaren 8an Lesakako Beti Gazte elkartean. 70 argazkiz osatutako erakusketa honen ideia eta testuak Carmen Ruiz de Garibay lesakarrarenak dira, argazkiak Giuliano Mezzacasarenak eta diseinua Itxaso Mezzacasarena. Irailaren 30ª arte zabalik izanen da, astelehenetik larunbata arte, 18:30etik 20:30era eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.
Irailaren 8an egindako aurkezpenean, Giuliano Mezzacasa eta Carmen Ruiz de Garibay egileekin batera, Deñe Abuin zinegotzia eta proiektua diruz lagundu duen Cederna-Garalur erakundeko Arantxa Arregi izan dira.
Deñe Abuin zinegotziak, erakusketa hau duela urte pare bat egin zen Lesaka Ezagutu proiektuaren segida dela aipatu zuen. Hilabete honetan Beti Gazte elkartean egonen bada ere, Baztanen eta eskualdetik kanpora erakusteko borondatea ere erakutsi du eta, Kultur Etxea gauzatzen denean, bertan jarriko omen da.
Carmen Ruiz de Garibayk aipatu duenez, artisauek gehienetan izenpetu gabe egindako lanaren aukeraketa da: Lesakako gune historikoko etxeak, zubiak, harzola nahiz harraskak. Harria, burdina et azura, gertueneko gaiak, pazientziaz landu eta arkitektura herrikoiaren ondare handia utzi ziguten, lesakarren nortasunaz hitz egiten diguna: haien ofizioetarako harrotasuna, hildakoen munduari eta naturari zieten beldurra, nahiz haien praktikotasuna eta estetika.