Igantziko Biltokik hamaseigarren aldiz antolatutako mendi bizikleta ibilaldia igande honetan eginen da, goizeko 10 :30etan. Mutiletan, alebin, infantil, kadete, junior, elite eta master 40 kategorietan banatuko dira partehartzaileak eta emakumeak, berriz, 16 urtez beheitiko eta goitiko kategorietan lehiatuko dira. 11 kilometroko zirkuitoa izanen da eta kategorien arabera, partehartzaileek itzuli guttiago edo gehiago eman beharko dute.
Izen ematea proba hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da. Horretarako 9 euro ordaindu beharko dira. Dena den, proba akautu eta dortsala itzultzen duenari 3 euro bueltatuko zaizkio. 16 urtez beheitiko txirrindulariek ez dute deus ordaindu beharrik. Proba nagusia hasi baino lehen, 9 :45ean, ttikienek herrigunean itzulixka bat emanen dute. Proba guziak akautzerakoan, sariak eta oroigarriak emanen zaizkie partehartzaileei, baita hameketakoa ere.
Joan den urtean Patxi Zia izan zen irabazle, 59 minutu eta 40 segunduko denborarekin, Asier Apezetxea aranztarraren aitzinetik. Joxe Mari Goia igantziarra zazpigarren izan zen eta Mitxel Aginaga narbartearra zortzigarren.
Beran irailaren 17an
Igande honetan Igantziko ibilaldia eginen bada, heldu den igandean, irailaren 17an, Berako XIV. Mendi Bizikleta ibilaldia eginen da. Gure Txokoa elkarteak hiru ibilbide eman ditu aukeran, 28, 18 eta 10 kilometrokoak, goizeko 10 :00etan Iamoteneatik abiatuta. Hemen ere, kirol materialaren zozketa eta hameketakoa eginen dira proka akautzerakoan.