Etorkinen errealitatea ezagutzeko jardunaldiak antolatu dituzte

ttipi-ttapa 2006ko ira. 5a, 09:33
Etorkinen errealitatea ezagutzeko baliagarriak izanen dira jardunaldi hauek. Argazkian, Berako Mugarik Gabe Eguna. ttipi-ttapa

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak eta Euskara Mankomunitateak prestatuak

Etorkinen errealitatera hurbiltzeko helburuarekin, “Mundua Bortzirietan” izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Euskara Mankomunitateak.

Berako Kultur Etxean hainbat solasaldi eginen dira, guziak arratseko 20:00etan. Irailaren 18an, astelehena, “Etorkinen egoera Euskal Herrian” hitzaldia eskainiko du gazteleraz Agustin Unzurrunzagak, SOS Arrazakeria Gipuzkoako kideak. Irailaren 20an, asteazkena, “Euskara eta etorkinen hizkuntza integrazioa” hizpide izanen du gazteleraz Mario Zapatak.

Irailaren 25ean, astelehena, “Inmigrazio politika berri baterako proposamena” eginen du Castillo Suarez, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak. Irailaren 27an, asteazkena, mahaingurua izanen da jardunaldiak bukatzeko.

Dokumentala eta liburu aurkezpena

Solasaldiekin batera, bertzelako ekitaldi osagarriak ere izanen dira jardunaldi hauen barrenean. Irailaren 26an, asteartea, “Si nos dejan” dokumentalaren emanaldia eskainiko da Etxalarko Kultur Etxean, 20:00etan. Ondotik, Nafarroako SOS Arrazakeriako kideekin solasaldia izanen da gazteleraz.

Irailaren 21ean, ortzeguna, “Riomundo” liburuaren aurkezpena eginen du Jon Maia idazle eta bertsolariek 20:00etan Lesakako Herriko Etxeko batzar aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun