Bittiriako bestak asteburuan ospatuko dira

Aitor AROTZENA 2006ko irailaren 4a

Txistularien dianarekin hasiko dira larunbateko ekitaldiak. TTIPI TTAPA

Harrizulatzaileen erakustaldia eta auzo bazkaria eginen dira larunbatean

Aste hondar honetan, irailaren 8tik 10era ospatuko dira Bittiria auzoko bestak.
Ortziral arratseko 20:00etan, txupinazoa bota ondotik kalejira izanen da trikitilariekin. Iaz bezala, patata-tortilla lehiaketa eginen da eta gero, afari-berendua izanen da. Horretarako kupela ere jarriko da Bittiriko plazan, txotxetik sagardoa edan ahal izateko. Gauez, rock kontzertua izanen da eta ondotik, Iñigo musika jartzailea.

Larunbat goizeko 10:00etan diana izanen da txistulariekin. Gero, barrenatzaile edo harrizulatzaileen erakustaldia izanen da.
Azken urteetan goitibera txapelketa egin da bestetan, baina aurten ez da halakorik izanen. 14:00etan auzo-bazkaria izanen da, Mañukorta, Etxabe eta Jon Maia bertsolariekin. Arratsean dantza egiteko modua izanen da Izotz taldearekin. Egun osoan, Beti-Alai txaranga arituko da karrikak.

Igande goizean haur jokoak eginen dira. 17:30etan, Maite Franco ipuin kontalaria eta 18:30ean trikitixa jaialdia izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun