Irungo Mariño taldeak irabazi zuen irailaren 2an, Batzoki elkarteak bigarren urtez antolatutako emakumeen futbol kopa. Aurtengoan lau talde aritu dira lehiaketa honetan: Irungo Mariño, Bilboko Athletic, Osasuna eta Beti Gazte. Euskadiko selekzioaren partida zela eta, Athleticek bigarren taldea ekarri zuen azkenean. Talde guziak guzien kontra aritu ziren, 25 minutuko partidetan eta gero, hiruna penalti bota zituzten, berdinketa izatekotan, postuak erabakitzeko. Lehen partidan , Joxe Luis Altzugarai lesakarrak zuzentzen duen Mariñok 0-2 irabazi zion Beti Gazteri. Gero, Athleticek eta Osasunak husna berdindu zuten. Emaitza berarekin akautu zen Athletic eta Beti Gazteren arteko partida. Mariñok 4 eta 1 irabazi zion Osasunari. Mariño eta Athleticen arteko partida ere hutsean bukatu zenez, irundarrentzat izan zen sari nagusia. Azken partidan, Osasunak eta Beti Gaztek bana berdindu zuten. Iruñekoak aitzindu ziren markagailuan, baina lesakarrek berdintzea lortu zuten, Miren Zudaireren gol bikain batekin. Penaltietan Osasunakoak nagusitu baziren ere, itxura ederra eman zuten Koldo Erkiziaren neskek. Azkenean, beraz, Mariño txapeldun, Osasuna bigarren, Athletic hirugarren eta Beti Gazte laugarren.
Sari banaketan, Juan Fermin Mitxelena, Lesakako alkatea, Begoña Ordoki, Nafarroako Kutxako ordezkaria eta Esteban Etxebeste eta Fermin Altzugarai zinegotziak izan ziren. Txapeldunen kopa Mariñoko kapitainak, Lorea Sarobe beratarrak hartu zuen.
Juana Aleman eta Idoia Telletxeari omenaldia
Txapelketa hasi baino lehen, omenaldia eskaini zitzaien Beti Gazteko lehenbiziko nesken taldean sorreran izan ziren bi emakumeri, Juana Aleman eta Idoia Telletxea. Duela kasik hogei urte zelairatu zen talde hartako partaide izateaz gain, Juana Aleman nesken taldeko entrenatzailea izan da hainbat urtez eta Idoia Telletxeak mutikoen kadete taldea gidatu du. Honela, Peio Etxebestek aurreskua dantzatu zien eta kopan parte hartu zuten talde guziek, beraien taldeko banderina eman zieten. Horretaz gain, Beti Gazteko neskek, beraien sinadurarekin taldeko kamiseta bana eman zieten. Ohorezko sakea ere Idoia eta Juanak egin zuten.