Gure Txokoak irabazi du XI. Jon Irazoki Memoriala

Aitor AROTZENA 2006ko irailaren 4a

Iñaki Irazoki, Gure Txokoako kapitainak hartu zuen txapeldunaren kopa Jose Mari Irazokiren eskutik. Aitor AROTZENA

Penaltietan erabaki zen lehiaketa, Gure Txokoak, Beti Gaztek eta Baztanek ez baitzuten golik sartu

Berako Gure Txokoak irabazi zuen irailaren 2an Jon Irazoki zenaren omenez hamekagarren aldiz antolatutako futbol txapelketa. Berako Matzadako zelai gainean hiru talde aritu ziren elkarren kontra: Berako Gure Txokoa, Leakako Beti Gazte eta Baztan. 45 minutuko hiru zati ikusi baldin baziren ere, gol bakar bat ikusteko aukerarik ez zuten izan hurbildutako zaleek.

Lehen zatian Baztan eta Beti Gazte aritu ziren eta husnako berdinketarekin akautu zuten norgehiagoka. Penaltietan, lesakarrak nagusitu ziren. Bigarren zatian Gure Txokoa eta Baztan aritu ziren eta hemen ere, arauzko denbora akautzerakoan ez zen golik ikusi. Penalti jaurtiketetan, Berakoak nagusitu ziren. Zati hau hasi baino lehen, minutuko ixilunea gorde zen, Gure Txokoako jokalari baten izebaren oroimenez. Azkeneko zatia hasi baino lehen berriz, Gure Txokoako jokalariek “Matzadan argia behar dugu” zioen pankarta zelairatu zuten, entrenamenduetarako eta neguko partidak beranduago hasteko beharrezkoa baitute Beraz, azkeneko zatian erabaki behar zen aurtengo txapelduna. Gainera, Beti Gazte eta Gure Txokoaren arteko lehia ikusteko aukera zegoen. Eguraldia zerbait freskatu zela probestuz, aitzinekoak baino partida biziagoa izan bazen ere, hau ere hutsean akautu zen. Penaltietan etxekoak nagusitu zirenez, aurtengo Jon Irazoki Memoriala Gure Txokoak irabazi du.

Sari banaketan, hirugarren postuko kopa Baztango kapitainari eman zion Manolo Tabernak. Rafa Pombar, Ugaldea aholkukaritza enpresako ordezkariak bigarren postuko kopa eman zion Mikel Irigoien Beti Gazteko kapitainari eta txapeldunaren kopa, Jon Irazoki zenaren aitak, Jose Mari Irazokik eman zion Gure Txokoako kapitainari, Iñaki Irazokiri.

Bortzirietako derbia, urriaren 22an Lesakan

Jon Irazoki Memoriala aurredenboraldiko prestaketa partida izaten da. Larunbatean Matzadan ikusitakoaren arabera, oraindik badute zer hobetu eskualdeko taldeek irailaren 17an hasiko den ligari begira. Aurtengoan, jakina, Bortzirietako derbia jokatuko da Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan Gure Txokoa eta Beti Gazteren artean, iaz lesakarrek Preferente maila galdu baitzuten. Lehenbiziko derbia abudo etorriko da, urriaren 22an Lesakako Mastegi zelaian. Egun horretan, Berako besta egitarauan garrantzi handia hartu duen Lurraren Eguna ospatzen denez, komenigarria litzateke derbia larunbatera, urriaren 21era aitzintzea. Honela, bai jokalariak, baita jarraitzaileek ere, bi besta egun handiekin gozatzeko aukera izanen lukete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun