Irailaren 2an jokatuko da nesken Lesakako bigarren futbol kopa

Aitor AROTZENA 2006ko abuztuaren 23a

Athletic, Osasuna, Mariño eta Beti Gazte arituko dira

Irailaren 2an, arratsaldeko 6etan hasita, Lesakako bigarren nesken futbol kopa jokatuko da, Batzoki elkarteak antolatuta. Lau talde arituko dira lehiaketa honetan: Bilboko Athletic, Osasuna, Irungo Mariño eta Beti Gazte.

Aurten, ohorezko sakea Beti Gaztek atera zuen lehendabiziko nesken taldean parte hartu zuten Juana Mari Alemanek eta Idoia Telletxeak eginen dute. Talde hartan aritzeaz gain, Juana Mari Aleman nesken taldeko entrenatzailea izan zen hainbat urtez eta Idoia Telletxea mutiko kadeteen entrenatzaile bezala aritu zen.

Lehiaketari dagokionez, talde guziek elkarren artean 25 minutuko partidak jokatuko dituzte eta gero, hiruna penalti jaurtiketa eginen dituzte, azken sailkapena erabakitzeko.

Honela, arratsaldeko 6etan Beti Gazte Mariñoren kontra arituko da; gero, Athletic Osasunaren kontra; Beti Gazte Athletic-en kontra; Osasuna Mariñoren kontra; Beti Gazte Osasunaren kontra eta azkenik, Mariño Athletic-en kontra. Gero, sari banaketa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun