Donostiako Musika Hamabostaldia, Lesakatik pasatuko da.

ttipi-ttapa 2006ko abuztuaren 11

Heldu den abuztuaren 12an, larunbatarekin, Aita Donostiaren heriotzaren 50garren urteurrena dela eta, Donostiako Musika Hamabostaldiaren eskutik, Lesakan, bi kontzertu emanen dira. Arratsaldeko 18:00tan, Agiñako gainan, Gaizka Sarasolak zuzendutako “Hutsaren Borobila” entzungai izanen da.Bertan Estitxu Arozena eta Xabier Silveira bertsolariek, Marisol Perezek zuzentzen duen Lesakako abesbatzak, eta Xabier Erkizia musikariak parte hartuko dute.

Ordu eta erdi beranduago, 19:30an, Herriko Etxeko pleno aretoan, Pascual Aldave, Lesakako musikariari omenaldi xume bat eginen zaio.

Horren ondotik 20:30an, San Martingo elizan, Almudena Ortega eta Jose Okiñena, kontzertua eskainiko dute. Pascual Aldaveren “Triptico infantil” izeneko obra estreinatzeaz gain, Aita Donostia eta bertze garaikideak diren musikagile katalan batzuen obrak emanen dituzte.

Kontzertu guziak dohainik izanen dira eta nahi izanez geroz Agiñara igotzeko, autobus bat aterako da plazatik arratsaldeko 17:00tan eta 19:00tan itzuliko. Interesatuak daudenek 012ra deitu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun