San Esteban goiza euritsua baina jendetsua izan zen.

ttipi-ttapa 2006ko abuztuaren 4a

Gure Txokoako dantzari ohiek makil dantza eskaini zuten.

Beratarrek, San Esteban eguna, ohi bezala meza nagusiarekin hasi zuten. Ofizioa hasi baino lehen, 10:30ak punttu punttuan zirela eta txistulari eta makil dantzariek bidea idekitzen zutela, udalbatzako kideek, herriko ikurra elizara eraman zuten. Urtero bezala San Estebanen ohoretan emandako mezan, Berako abesbatzak ere parte hartu zuen.

Mezaren ondotik, jendea Herriko Etxeko plazara hurbiltzen joan zen. Aurten, Gure Txokoa elkartearen 75. urteurrena dela eta, dantzari ohiak bildu ziren makil dantza eskaintzeko. Hori dela eta, eguraldia lagun ez bazuten ere, ohi baino jende gehiago plazaratu zen. Hala ere elkarteko dantzari ohiak ez ziren dantzatzen lehenengoak izan. Ohiturak dioen bezala, lehenengo dantza Bordondantza izan zen, aurten Xabier Altzuri kapitain berriarekin, lehengoaren anai ttikia.

Ondotik, dantzari guziak kalejiran atera ziren makil dantza emateko, eta helduenek animo eta txalo zaparrada aunitz jaso zituzten. Dantzari aunitz zirela, bi txandetan dantzatu behar izan zuten, lehenengoak ttikiak izan ziren, eta gero dantzari ohiak hartu zuten txanda.

Euria, mehatxuka aritu zen goiz guztian, eta momentu batean hasi bazuen ere, dantzariek ez zuten aurpegi txarrik jarri. Azkenean euria gelditu egin zen, eta tarteka eguzki izpiak ikusi ahal izan ziren Berako plazan.

Behin dantzariek goizeko saioa akautu zutenean, bertsolariek hartu zuten txanda eta urtero bezala, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok bertso saio polita eskaini zuten. Bertsolariak kantuan aritu ziren bitartean, udaletxeko areto nagusian, dantzari guziek ongi merezitako luntxa hartu zuten, baita udaleko ordezkari eta abesbatzako kideek ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun