Gure Txokoa elkarteak eta suhiltzaileek piztu dute Berako besten txupinazoa.

ttipi-ttapa 2006ko abuztuaren 4a

Aurtengoan ere, Beratarrek ez dute huts egin, eta eguerdiko 12:00ak aldera plaza jendez gainezka zegoen. Koadrilako atorra gerrian, eta zapi gorria lepoan, udaletxeko balkoira urduri begira zeuden denak, San Esteban bestak hasteko irrikitan.

2006ko txupinazoak omenaldi kutsua izan du. Herriko bi erakunde omendu dituzte, batetik suhiltzaileen taldea, 100 urte betetzen dituelako eta bertzetik, Gure Txokoa elkartea, 75 urte betetzen dituelako.

Jose Luis Oiartzabal “txelu” eta Antonio Zubieta izan dira Berako bestei hasiera emateko ardura izan dutenak, beraien gibeletik, Gure Txokoa eta suhiltzaileetako bertze kide batzuk bota dituzte su ziriak.

Ondotik kankailu, buru handi, gaitero eta txarangaren laguntzaz, herritar andana ibili da Berako karriketan barrena, ohiko ostatuetan geldialdiak eginez eta zintzurra frexkatu bitartean, San Estebaneko lehenengo minutuetaz gozatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun