Igantziko Euskara Batzordeak antolatuta (abenduaren 8ko ekitaldiak Biltoki elkartearekin batera) heldu den astean Udazkeneko Kultur Egunak izanen ditugu.
Abenduaren 7an, asteazkenean, Roberto Casadorekin Ganbara musika aditzeko aukera izanen da elizan 20:45etan. Ekitaldi hau Udazkeneko Biraren barrenean dago.
Abenduaren 8an, ortzegunean, 11:00etatik aitzinera eskulanei buruzko erakusketa izanen da frontoian. Gogoratuko duzuenez, iaz artzaintza eta bere produktuak izan ziren egun honetako bestaren protagonistak. Aurtengoan, eskulanak izanen dira eta Biltoki elkartea ari da dagoeneko egun horretan ikusiko ditugun lanen bilketan. Egun eta leku berean, 12:30etan bizkotxo lehiaketa eginen da eta 18:00etan txokolate beroa eta bizkotxoak banatuko dira frontoian.
Abenduaren 9an, ortziralean, 16:00etan frontoian haurrentzako herri kirolei buruzko tailerrak eginen dira Kulkirekin.
Larunbatean, azkenik, Gaizka Sarasola eta Maite Mendegia ipuin kontalariek «Euritako xoria» ipuina kontatuko dute Baratzondon, Leku berean, 21:00etan, Teresa Lopez de Muniainek «Ugaztun baten antsiak» antzezlana taularatuko du.