Bertzalde, bi urtero behin eskolako lagunek elurretara joateko astebete baterako izen ematen dute. Izan ere, hirugarren ziklokoek eta herriko eskolako kasuan, DBHkoek ere, urte batean ikasketa bukaerako bidaia antolatzen dute, eta hurrengoan, eskiatzera joaten dira. Bi ekintza hauek txandaka egiten dira. Aurten, Aste Xuria programaren barne, Bortzirietako gainerako hirugarren zikloko ikasleekin batera herriko gazteak, Otsagira martxoaren bortzetik 10era joanen dira. Beraz, oraindik, herriko mendi kaxkoetan elurra ikusten ari bagara ere, neguarekin batera, eskiatzera joateko grina areagotuko da.
Ateraldiekin segituz, joan den ortziralean, Bilbora ateraldia egin zuten hirugarren ziklokoek. Bilboko lekurik famatuenak eta batez ere, gehien entzuten direnak ezagutu zituzte: zubia, Guggenheim museoa eta metroa. Eguna ongi pasatu zutelakoan gaude. Behintzat, Arantza herri ttikitik aunitzez haundiagoa den Bilbora alde ederra nabarituko zuten.