148 azienda aurkeztu ziren Bortzirietako feria egunean, iazko 97ak baino dexente gehiago. Gehienak zaldikoak izan ziren, 114 zaldi, behor eta pottoka eraman baitziren plazara, 24 behi eta 10 ahare.
Behi holandesarik ez zen aurkeztu eta hutsean gelditu ziren sariak. Suiza arrazako behietan, 190 eta 160 euroko lehen bi sariak Berako Jose Antonio Igoak eskuratu zituen. Hirugarren saria, 100 euro, Iriberriko Jon Muñoak eraban zuen. Haragitako behietan, lehenbiziko saria eta txapela Luis Olaetxeak eraman zuen Makukobordara. Bigarren eta hirugarren sariak Iriberriko Jon Muñoarentzat izan ziren.
Zaltaberetan, 125 euroko lehen saria eta txapela Berako Juan Antonio Prietok irabazi zuen. 95 euroko bigarren saria Arantxeneko Javier Almandozek eskuratu zuen eta 50 euroko hirugarren saria Igantziko Aitor Beginorentzat izan zen.
Aharietan, 35 eta 25 euroko lehen bi sariak Berako Jaime Etxegarairentzat izan ziren. Hirugarren saria Etxalarrera joan zen, Ihintzekobordako Josetxo Ariztegirentzat. Eguraldi hotza bazen ere, euriak arratsaldera arte errespetatu zuen feria eguna. Plazako aparkalekuko karpan, bertako produktuen azoka ere izan zen, iaz bezala.