Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Sailak 37.680 euroko dirulaguntza emanen dio Berako Udalari Ondarea Babesteko Zentruko proiektua erredaktatzeko, aurrekontuaren %90a hain zuzen ere. Gobernuaren laguntza hau Turismorako Azpiegiturak sortzeko deialdiren barnean sartzen da. Plan honekin, tailer eta programa ezberdinen bidez, garai bateko eskulanak mantendu eta berreskuratu nahi dira : ehotzea, forja eta zerrategia bertzeak bertze. Udalak Errotaberria zaharberritu nahi du zentru hau hortxe kokatu ahal izateko. Errotaberria errota izana da eta sagardorako dolarea, sutegia eta egurrarendako zerra zituen, aprobetxamendu hidraulikoaren bidez funtzionatzen zuena. Egoitza berean, gaur egun Julio Caro Baroja Kultur Etxean dagoen Turismo Bulegoa ere egonen da. Juan Ramon Corpas Mauleonek, Kultura eta Turismo Kontseilariak, eta Helena Santestebanek, Berako alkateak, azaroaren 16ean proiektuaren finantziaziorako hitzarmena sinatu zuten. Dirulaguntza hau bertze batekin lotuta dago, Nafarroako mendialdean turismoa bultzatzeko helburua duenarekin. 71.200 euro jasoko du Udalak Bidasoako Ur-Bizi Piraguismo Zentrua sortzeko. Xubizabalea parajean eraiki nahi dute zentrua eta egoitza hori piraguak gordetzeko, botikinarako, aldagela eta bainugelendako erabiliko da. Proiektu honen helburua kirol honen praktika bultzatzea da eta aldi berean, herriko lekurik politenetako bat izanik, erreka bazterra apainduko da eta turismo produktu berria bultzatuko da. Haurrendako parkea eta piknik gunea ere izanen dira inguruan.