EUSKARA ESKOLARA BIDEOSOAN BAIETZ ORAINGOAN!

Aitor AROTZENA 2006ko abuztuaren 3a

Artxibokoa

2006koa Beran eginen duten hirugarren Nafarroa Oinez-a izanen da, 1983an “Euskara eskolara” eta 1994an “Bideosoan” izenburupean egindakoen ondotik. Dagoeneko 250 lagun lanean ari dira heldu den urteko Nafarroa Oinez arrakastatsua izan dadin, Baietz oraingoan! lelopean.

Hiru Nafarroa Oinez, bakoitza bere historiarekin antolatu ditu Labiagak. Gaur egun D eredua erabat hedatua dago gure inguruan, baina 1983an ez zen horrela. Horregatik aukeratu zen «Euskara eskolara» leloa. Duela 22 urte besta egun ttikia izaten zen Oinez, baina irailaren 18an 15.000 pertsona hurbildu omen ziren Berara.

1994ko Oinez, «Bideosoan» lelopean egin zen. Izokinak Bidasoa erreka osoa behetik goiti egiten duen bezalaxe, Labiagak Haur Hezkuntzatik DBH bitarteko eskaintza eman nahi zuen. Orduan lortutako diruarekin, Eztegarako ikastetxe berria eta DBH bultzatzea lortu zen, oraindik modu alegalean bada ere.

DBH erabat legeztatzea da 2006ko Oinezaren helburua: «Baietz oraingoan!» esaldiak horixe adierazi nahi du. 1994ko besta eguna guardiazibilak zapuztu zuela eta oraingoan besta egun oso-osoa izanen dela ere segur daude Labiaga ikastolan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun