Aranzadi eta Oteiza Fundazioarekin hitzarmena sinatu du Udalak

Aitor AROTZENA 2006ko abu. 3a, 13:10

Agiñan dauden eskultura eta kapera zaintzeko elkarlana eginen dute

Agiñan Aita Donostiari eskainitako Monumentuari eta "Piedra en el Paisaje/Harria Paisaian. Oteiza-Vallet. Agiña. Lesaka 1956-59" erakusketari buruzko lankidetza hitzarmena sinatu zuten azaroaren 3an Lesakako Udalak, Aranzadi Zientzia elkarteak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak. Aranzadi Zientzi Elkarteak Oteizaren eskultura eta Valleten kapera zaintzeko egin beharreko zaharberritze lanak egiteko eta ordaintzeko konpromisoa hartu du, baita monumentuaren inguruan dauden harrespilak zati batean estaltzen dituen landaretza garbitzeko, eta garbiketaren kontrol arkeologikoa egiteko konpromisoa. Modu berean, Aranzadik Lesakako Udalari udalerrian dagoen ondare arkeologikoari eta naturalari buruzko aholkua emanen dio.

Jorge Oteiza Fundazio Museoak, berriz, gaiaren inguruan argitara emanen dituen inprimaki eta argitalpenetan Sociedad de Ciencias Aranzadi Zientzi Elkarteak eta Lesakako Udalak eman duten laguntzaren berri grafikoa emanen du. Aita Donostiari eskainitako monumentuari buruzko erakusketa Donostiara eramatea ere bultzatuko du 2006an Fundazioak eta Lesakako Udalak antolatuko dituen bisitaldietara joanen diren taldeei dohainik sartzen uzteko konpromisoa hartzen du.

Lesakako Udalak, bere aldetik, monumentuaren inguruz inguru zerrakura eginen du, eta sarbide nagusiaren inguruan zerrakura berria paratuko du. Oteizaren monumentura ailegatzeko bidea ere behar bezala seinalizatuko du Udalak. Agiñarako pistaren sarreran dagoen edukiontzia bertze nonbait paratuko du Udalaketa ingurunean zuhamuxkak eta aziendak kaperaren barnean sor ditzakeen hondakin organikoak aldizka garbitzeko konpromisoa hartzen du.

Udala, Aranzadi Zientzi Elkarteak egiten duen lana aintzat hartuta, 2006ko urtarrilaren 1etik aitzin Aranzadi Elkarteko bazkide eginen da. Udalak, azkenik, monumentuari buruzko programa didaktiko bat egin eta bisitaldi gidatuak antolatuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun