Urriaren 15ean jaso zuen Labiaga Ikastolak 2006ko Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa. Berako Ikastolak 1983 eta 1994an ere hartu zuen ardura hori, eta beraz, 2006koa hirugarren aldia izanen da. Datorren urtekoa 26. edizioa izanen da eta Berako ikastolak biltzen duen dirua bere egoera ekonomikoa arintzeko erabiliko du. Izan ere, DBH ez dago kontzertatua eta egoera honek inbertsio handiak egitea eskatu die azken urteotan. Lan handia izanen dute hemendik aitzinera, eta horretarako, jendearen partehartzea lotu nahi dute. Hala, egun hori prestatzeko bere laguntza eman nahi duenak, Labiaga Ikastolara hurbiltzea eta bere burua lanerako eskaintzea proposatu dute Berako Ikastolatik.