Uxane Zentroa: 1977. urtetik lanean Beran

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 31

Uxaneko ikasleak, Maddi erresidentziako egongela dotorean. Aitor AROTZENA

Uxanek kasik 30 urte daramazki lanean Beran burmuin elbarritasuna eta bertzelako arazoak dituzten jendeari zerbitzua eskaintzen. 1977an hasi ziren, lehenbiziko Gipuzkoako Aspacerekin eta berehala, 1978an, Nafarroako Aspacerekin. Lehenbizi hezkuntza bereziko zentroa izan zen eta arazoak zituzten haur txikien heziketan aritzen ziren. Baina ikasle hauek ikastetxe arruntetan integratzeko legea egin zen 1989-90 ikasturtean. Orduan ttikiak eskola publikoetara pasatu ziren eta Uxane okupazio zentro bihurtu zen. Gaur egun hamazazpi lagun ari dira okupazio zentro honetan. Batez ere, Berako Alco eta Iruñeko Delphi enpresetarako piezak egiten dituzte tailerrean. Baina horretaz gain astean behin fisioterapeutaren bisita jasotzen dute, gimnasia egitera joaten dira, antzeslana prestatzen dute… Aurten hamar egunez Tenerifen ere izan dira.

Isabel Pardo eta Mila Bidegain dira pertsona hauen arduradunak. Nuria Garate iruritarra ere egun erdiz aritzen da eta asteburuetan aisialdiko ateraldiak antolatzen ditu.

Erresidentziarekin batera, Uxanek azken aldian landu duen bertze proiektua, Lesakako Enplegu Zentro Bereziak hiru urte daramazki lanean. Orain arteko lana ona izan dela aipatu digu Isabel Pardok, baina lan egoera ez omen da nahi bezain ona: «Industriarako lanak hagitz gaizki daude, eta azken urte honetan erregulazio-espediente batekin daude».

Zentroan hamar lagun ari dira, Delphi automozio enpresarako piezak eta elurretako kateak egiten eta koltxoien fundak prestatzen. Horretaz gain, Berako karriketako garbiketa eta lorezaintza lanak eta Lesakako karriketako garbiketa lanak egiten dituzte, lehiaketa irabazi ondotik. «Bortzirietako udalek laguntza haundia eskaini digute beti, baita erresidentziarekin ere. Hagitz eskertuak gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun