XXI. mendean sartzeko, bi proiektu haundiri ekin nahi izan zioten Berako Uxanekoek, Aspace, Bortzirietako udalen eta Ongizate Departamentuaren laguntzarekin. Alde batetik, Enplegu Zentru Berezia ireki zuten Lesakan eta 2002. urtetik lanean ari dira. Bertzetik, Beran erresidentzia moldatzeko egitasmoa aurkeztu zuten. Hamasei lagunendako egoitza eskainiko duen egotetxe hori sartzeko prest da dagoeneko. Berako Osasun Zentroaren gaineko bi pisuak moldatuak daude, baina zerbitzua eskaintzeko Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatzea falta da. Beraz, diru kontuak argitzen diren bitartean, txukun-txukun jarria eta ezinduentzako erosotasun guziak prest dituen Maddi egotetxean ezin sartuz daude premia larria duten hainbat pertsona.
Isabel Pardo arduradunak aipatu digunez, Iruñean afera mugitzen ari da, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatzeko paperak prestatzen ari dira, «baina gauzak luzatzen ari dira eta ez daukagu abudo irekiko den itxaropenik emanen ligukeen erantzunik jaso oraindik». Isabelen erranetan, zazpi lagun berehala sartu beharko liratekeen Maddi egotetxean, premia haundia dutelakoz eta etxean behar bezala ezin dituztelakoz kontu. Gauzak honela, eta Iruñetik erantzunik jasotzen ez duten bitartean, erresidentzia nola edo hala behin behinekoz irekitzeko eta lanean hasteko, jendearen elkartasuna eskatzea edo Fundazioren bat sortu nahizik dabiltza Uxanen.
«Hasierako aurrekontua
ontua 33 milioi pezetakoa zen, gaur eguneko kasik 200.000 euro. Erdia Aspacek ordaindu behar zuen eta bertze erdia Bortzirietako udalek. Aurrekontu hori kasik bikoiztu egin da lana burutu orduko, Isabel Pardok onartu duenez: «Etxe baten zaharberritzeaz ari gara, eta denborarekin nahitaez egin beharreko lanak agertu dira. Gauzak gusto onarekin jarriak daude, baina merkeenak dira. Hala ere, gastua haunditzen joan da eta inork ezin izan du hori gelditu, beharrezko gauzak zirelako».
Pertsona baten aportazio ekonomiko esku zabala
Gainera, aipatutako erakunde horiez gain, 84.000 euro (14 milioi Pta.) jarri dituen ongile partikular bat ere izan dute, Etxalarko Patxi Barandiaran “Exkutu”. Bere emazte zen Maddi Txoperenaren omenez egin nahi izan du ekarpen hori eta honela, Maddi egotetxea izena jarri diote erresidentziari. «Ipuinetako kontua dirudi –erran digu Isabel Pardok– baina egitan horrela izan da: aitzinaldeko urbanizazioa berak ordaindu du, zolaberritzea, bankuak, loreak… Barneko moble eta etxe tresna guztiak berak jarri ditu, maindireak, onena berezita gainera, izugarria izan da bere esku zabaltasuna! Frigorifikoan janaria izan ezik, hasteko behar den gainerako guztia daukagu!».
Maddi egotetxera Berako Osasun Zentroaren ondoan dagoen aterpe batetik sartzen da. Bertan dago harrera gela eta Osasun Zentroaren gainean dauden bi solairuetara igotzeko igogailua eta eskailerak. Solairu bakoitzean lau logela bikoitz daude, ohatze batzuk artikulatuak dira, komunak ere ezintasuna dutenentzako bereziak, egongela telebistarekin eta jangela ere badute. Uxaneko ikasleek “hotela” deitzen diote erresidentziari eta sartzeko irrikitan daude.