• 2005. urte borobila osatu zuen Xabi Zozaia palista lesakarrak. Martxoan Arabako opena irabazi zuen, apirilean GRAVN torneoa eta Espainiako txapelketa irabazi zituen, urrian Europako txapelketa eta azaroan Kubako La Habanan jokatutako Copa Internacional Capital San Luis lehiaketa. Abenduaren 18an Nafarroako txapelketa ere irabazi zuen Txikirekin batera, Tafallako Murillo eta Muruzabalen kontra.
• 17 urterekin hasi zen palan Lesakan. Goi mailako kirolarientzako Larrabide erresidentzian izan zen zortzi urtez, Rafa Maritxalar eta Antonio Bru korrikalariekin, bertzeak bertze. Industriako Ingeniaritza Teknikoko ikasketak eta pilota uztartu zituen eta ikasketak akaututa lanean hasi zen Iruñean.
Pala motzarekin Nafarroa, Espainia eta Europako txapelketak irabazi zituen iaz Xabi Zozaia Oberenako aurrelari lesakarrak. Horiekin batera, bertze hainbertze txapelketa, lehiaketa eta sari ttikiagoak ere irabazi ditu. Urte bikaina izanagatik, bertze urte batzuk ere gisakoak egin dituela aipatu digu Zozaiak, «baina ez dugu oihartzunik izaten telebistan eta prentsan». Herrian bai, omenaldia eskaini zion Batzoki elkarteak, paleta goma txapelketaren sari banaketan.
2002an, Munduko txapelketa ere irabazi zuen Iruñean. Baina palmares hori izanda, kirolari ezezaguna da publikoarentzat. «Profesionalki bakarrik Bilbon aritzen da palan –dio Zozaziak–, eta pala luzearekin bakarrik. Pala motzarekin afizionatuetan bakarrik ari gara». Profesionaletan aritzeko aukera erabat baztertua dauka 29 urteko lesakarrak. «Alde batetik salto kozkorra dago pala motzetik luzera eta bertzetik ez du konpentsatzen: aldiro autopista hartu eta Bilbora joan, gasolina ordaindu eta han gero eta guttiago kobratzen da. Nik nere lana daukat eta pala ogibide baino gehiago afizioa da neretzat». 1980. hamarkadan aldi berean profesionaletan ari ziren lau palista zeuden Lesakan, baina horrelakoak nekez ikusiko dira berriz ere. Erremonte, zesta punta eta, batez ere, esku pilotarekin konparatuz, hagitz bakan agertzen dira pala partidak telebistan eta bertze komunikabideetan, eta horrela zaila da kirol honi bultzada ematea.
Joan den urtean, San Fermin Txikiton azpitxapeldun izan bazen ere, horixe da palista honi gehien gustatzen zaion lehiaketa: «2004an irabazi egin nuen eta giro haundia izaten da. Espainiako txapelketa ere hor dago, Arabako Opena. Ahalik eta bikoterik onenak eta parekatuenak egiten dituzte eta hor irabaztea zaila da. Denek badute berea».
«Mexikoko Munduko txapelketarako abioian sartzeko lehian ari naiz»
Pala motzarekin ari direnentzat, Munduko Txapelketa da lehiaketarik handiena. 2002an, ordezko pilotari izanik, partida bat jokatu zuen eta txapeldun izan zen Zozaia Iruñean eta aurten Mexikon eginen den txapelketan sartzeko gogoz dago. «Bortz aurrelari ari gara abioia hartzeko lehian. Gauza zaila dago, baina horretan saiatuko naiz». Ez da palan aritzeko hegazkina hartzen duen lehenbiziko aldia izanen. Azkeneko sei urteotan, Kubako La Habanan jokatzen den Capital San Luis Nazioarteko Lehiaketan aritu da Oberenarekin. Aurten, Kubako Kirol Olinpiada ere jokatuko da udaberrian eta joateko itxaropena badu. Horrelako lehiaketetan nazioarteko maila ikusteko modua izaten du: «Gaurko egunean mexikarrak dira indartsuenak, Kuban gazte batzuk gelditu dira, baina onentsuenak honat etorri baitziren profesionaletara».