Urtarrilaren 9an egindako Nafarroako Gobernuko batzarrean, N-121Aren Bera eta Endarlatsaren arteko ibilbide berria onartu zen. Guztira bortz proiekturen artean hautatu behar izan zuten. Hiru Bidasoaren eskuinaldetik doazenak eta bertze bi ezkerraldetik. Bortzen artean lauk tunel baten beharra zuten, baina Nafarroako Gobernuak aukera horiek ez zituen begi onez ikusi eta tunelik behar ez duen proiektua onartu zuen. Honek ibilbide gehienean lehengoa segituko du, Bidasoaren eskuinaldetik. Aldaketa nagusia Villanuevako bihurgunean izanen da. Orduan ibaiaren ezker aldera pasatuko baita, 90 grado egiten dituen bihurgunea ahal bezain bat leuntzeko.
Beratik Endarlatsaraino errepideak hiru bide izanen ditu, bakoitza metro terdikoa, eta bide bazterretan metro bat eta erdi utziko dutela. Batzarraren ondotik emandako prentsaurrekoan ekonomikoki hoberena eta ingurumena gehien errespetatzen zuen aukera onartu zutela erran zuten. Etorkizunean egin daitekeen bide berdearen proiektua trabatzen ez duen aukera bakarra izan da onartutakoa.
Obrak 2007ko hasieran emanen dira eta 2009rako bukatuak izan beharko dira. Endarlatsako Zubiari dagokionez berriz, bertze proiektu batean sartuko da.