Giro nahasia herrian Orsaren lantegia dela eta

Oskar TXOPERENA 2006ko uztailaren 27a

Anonimoak zabalduz hasi zen ilbeltza hasieran Udalbatzaren aurkako kanpaina

Beti da gogorra eta desatsegina horrelako gaietaz mintzatu edo idatzi behar izatea, baina hauxe da egunotan herrian daukagun berri nagusia: Orsaren lantegia harrobira ekartzeak sortu duen eztabaida

Arriskutsua eta desegokia litzateke hemen interpetrazioak egitea. Hortaz, gai honetan nolabaiteko protagonismoa duten bi aldeei –salaketa egin dutenei eta Udalbatzari- eskatu zaie euren eritzia ematea, ahal bada hemen hitzez-hitz publikatzeko neurrian.

Salaketa egin dutenen aldetik deus bidali ez zaigunez, herrian banatutako karteletako informazioa biltzea iruditu zaigu egokiena: «Igantzin Orsa asfalto fabrika eraikitzeko eta lanean hasitzeko baimena eman zuen Udalak 2005eko maiatzean plenotik pasatu gabe. Herriak ez ote luke proiektu honen berri jakin behar? Berrizaunen edo Beran kutsagarria bada Igantzin zertaz ez? Orain arte Udalak harrobiaren kontrako jarrera erakutsi badu, zergatik orain horrelako aldaketa? Galdera hauek denak erantzunik gabe daude, ez baita udaleko inor hauek argitzeko gai izan. Gure ustez horrelako enpresa batek onurak baino kalte gehiago dakartza guk hainbertze maite dugun herri honentzat. Proiektu ilun honen kontra gaude. Fabrika hau gu eta gure ingurumenarentzat hagitz kaltegarria delako».

Hau da, berriz, Udalak bidali diguna: «Hau idazterakoan, lantegi honen proiektua oraindik Herriko Etxean dago, herriko arkitekto-aholkularien txostenaren zain. Proeiktuak legedi urbanistikoa betetzen duela errango balute, Ingurugiro eta Industria Departamenduetara joan beharko luke proiektuak, onartzeko modukoa den ala ez erran dezaten. Legezkoa dela errango balute, baimen guziak bildu eta gero, Herriko Etxearen lizentzia eman ala ez udalbatzaren osoko bilkuran erabaki beharko litzateke. Aldiz, Orsak ez baditu baimen horiek lortzen, ez dira lanean inolaz ere hasiko. Beraz, salaketa faltsua da oinarritik. Bertzalde, hagitz grabea eta irresponsablea iruditzen zaigu herria hankaz gotti modu honetan paratzea, ekologismoaren ikurra hain modu zikinean erabiliz, Udalbatzari aitzinetik inongo informazio edo esplikaziorik eskatu gabe. Salatzaileek ez dute gainera datu objetiborik inon aportatzen. Irainak eta zeharkako akusazioak, berriz, ausarki eta nonahi. Kutsadurari dagokionez, Ingurugiro Departamenduaren bermeaz gain, ingurugiroan aditua den tekniko baten ikerketa sakona eskatu behar du Udalak, erabakia zuzentasunez hartu ahal izateko. Guk ere maite dugu herria, eta horrexegatik gaude Herriko Etxean, herria hobetzeko gogoa dugulako. Herritarrok, egon zaitezte lasai eta izan ezazue konfidantza. Ez dizuegu hutseginen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun