Ipuin kantatuak biltzen dituen diskan abestu du Amaia Telletxeak

Nerea ALTZURI 2006ko uztailaren 27a

Amaia Telletxea, diskan parte hartu duten zenbait kantari eta musikarirekin. Utzitako argazkiak

Bertze lan baten berri ere hartu dugu Dindaia Fundazioaren eskutik. Ttikiagoei zuzenduriko josteta kantuez osaturiko lana zen lehenengoa, eta oraingoa berriz, lan hirukoitza da eta lau urtetik gorako umetxoei zuzendurikoa da.

Ipuina, komikia eta CDa osagai ditu lan horrek eta bertan, herrikoa den Amaia Telletxeaz gain, eskualdetik Fermintxo Gartxitorena berroetarrak, Ainara Mindegia aurtitztar musikariak, Begoña Durruti arizkundar marrazkilariak, Itziar Irigoien doneztebarrak eta Kantuzaleen Elkarteko zuzendariak, eta Estitxu Arozena eta Iñigo Olaetxea lesakar bertsolariek parte hartzen dute hainbat zereginetan.

Amaiak Fermintxorekin ipuinei ahotsa jartzen die «Xamarikoren ipuin zorroa» izeneko CD-an. Guzira 27 ipuin-kantu daude musika lanean eta tartean eskualdean bildutako kontakizunak nahiz Olaetxeak eta Arozenak idatziriko hitzekin osatutako kantuak daude.Izen bereko ipuina eta "Mattin Ipuin bidaia" izeneko komiki lana ere gaineratzen dira lan hirukoitzan.

Osatua eta ederra da, umetxoek nahiz guratsoek elkarrekin lantzeko eta jostatzeko. Ikasten eta jostetan ongi pasatzeko tresna zalantzarik gabe!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun