• Miren Errandoneak, Berako gazteak, sei hilabete iragan ditu Hondurasen, bortz herrixkatan ur sarea hobetzen edo eraikitzen.
• Geólogos del Mundo Gobernuz Kanpoko Erakundearekin egindako bidaiak hiru helburu zituen: lan egitea, bertako jendea laguntzea eta herrialdea ezagutzea.
• Honduraseko hiri handietan bortizkeriarekin arazoak baldin badituzte ere, Miren egondako eskualdea lasaia omen da.
Zergatik aukeratu zenuen Honduras?
Egia erran ez zen hautu bat izan. Berez Geologoa naiz, eta kolegioak badu gobernuz kanpoko erakunde bat eta ailegatu zitzaidan lan eskaintza, Hondurasera joateko. Ailegatu bezain laster, baietz erran nuen eta hara joan nintzen. Herri horretatik ez nekien ia ia deus ere ez, beraz, gogoa eman zidan.
Gaur egun nolakoa da Honduraseko egoera? Nola ikusi duzu herria?
Ni batez ere herrixka batean bizitu naiz. Bi mundu dira, bat hiria eta bertze herrixkak. Hiri mundua gutti ezagutu dut. Herrixketan, gu batez ere egon garen lekuan, suertea izan dugu. Herri lasaia da. Hemengo edozein herri bezalakoa. 40.000 biztanle inguru ditu baina hemengo 5.000 jendeko herri baten itxura du. Azpiegitura gutti dute. Hori da, behar bada, ezberdintasun handiena. Hiriei dagokionez, hemen handik aditzen dena da bortitza dela, eta egia da. Hiri handietan arazo izigarria dute horrekin baina herrixketan, eta batez ere gu egon garen lekuan oso lasaia da.
Zergatik hautatu zinuen hemendik kanpo lan egitea, lana behar zinuelako edo elkartasunez?
Pixka bat denetatik. Eskaini zidaten nire lanarekin zer ikusia duen zerbait egitea, eta horrelako aukerak ez dira egunero suertatzen. Gustukoa duzun lanean aritzen zara, bertzeak laguntzen dituzu eta denbora berean herrialde bat ezagutzeko aukera ematen dizute. Ez nuen gehiegi pentsatu.
Zein zen zure lana han?
Gure lana ez zen herrian bertan finkatzen, baizik eta hortik ordu erdi batera ziren herrixka batzuetan. Horietako lautan ura bazuten baina ez zen aski ailegatzen denentzako. Beraz arazo hori konpondu behar izan ginuen. Bertze batean ez zuten sekulan urik izan. Laburbiltzeko, guk egin duguna da duela 11 urte Europar Batasunaren dirulaguntzarekin egindako putzu batetik ura biltegi batera eraman eta hortik bost herri hauetan banatu. Horrek erran nahi du garbitu behar izan ginuela, bonbak jarri eta bertze zenbait lan.
Berriz prest izanen zinateke horrelako bertze proiektu batean sartzeko?
Agian Hondurasera ez, pixka bat ezagutu dudalako. Bertze herrialde batera … ailegatzen bazait eskaera pentsatuko dut. Aitzinekoan erabakia hartu nuen bizpahiru ordutan. Oraingoan bertze bat etortzen bazait horrelako batean erabakiko dut joan ala ez.
Aukera bazenu zer herrialde hautatuko zenuke?
Hizkuntzaren aldetik Ertamerika. Nicaragua pixka bat ezagutu nuen eta gustatu zitzaidan, bestenaz salto handiagoa eman eta Afrikarantz. Egia erran, edozein lekuetara joateko prest nago.