Bortzirietako eskuz banakako bosgarren txapelketako finalak jokatu ziren Etxalarren

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 27a, 12:55
Txapelketan parte hartu duten pilotari gehienak ageri dira argazkian, sari banaketaren ondotik. Beheitiko argazkian, finalistak ageri dira, txapeldunak eta txapeldunordeak. Oskar TXOPERENA

Urtarrilaren 21ean, kategoria ezberdinetako hamar final burutu ziren

Urtarrilaren 21ean jokatu ziren Etxalarko udal pilotalekuan Bortziriak elkarteak bosgarren aldiz antolatutako eskuz banakako txapelketaren finalak.

Aurrebenjamin mailan, Etxalarko Altxata elkarteko Jon Iparragirre eta Lesakako Arkupeko Pello Telletxea aritu ziren aurrez aurre. Ttikienak izanik ere, partida polita eskaini zuten eta azkenean etxekoa nagusitu zen, 18 eta 9 irabazi baitzuen Iparragirrek.

Aurrebenjamin mailan, Igantziko Biltokiko Oihan Canabalek 18 eta 7 irabazi zion Berako Gure Txokoako Peio Migelenari.

Umeak B mailan, Gure Txokoako bi pilotarien arteko final estua eta borrokatua ikusi zen. Azkenean, Jokin Pinatxok 18 eta 17 irabazi zion Andoni Lazkanotegiri.

Umeak mailan ere lehia parekatua eskaini zuten Igantziko Biltokiko Unai Telletxeak eta Berako Gure Txokoako Beñat Mitxelenak. Azkenean, igantziarra nagusitu zen 18 eta 16.

Kimuak B mailan, etxalartarren arteko norgehiagokan, Xabier Gallardonek 18 eta 10 irabazi zion Aitor Danborienari.

Kimuak mailan emozioz betetako finala eskaini zuten Igantziko Biltokiko Adur Yancik eta Lesakako Arkupeko Unai Zamoranok. Lesakarra aitzinetik joan zen kasik partida guzian, baina azkenean igantziarra gailendu zitzaion, 18 eta 17.

Haurrak B mailan, lesakarren arteko finalean, Mikel Maiak 18 eta 13 irabazi zion Josu Sanjurjori.

Haurrak mailan ere Lesakara joan zen txapela, Beñat Oronozek 18 eta 7 irabazi zion Txarutako Mikel Kanpori.

Kadete mailan bi txapelak Igantzi aldera joan ziren. Kadete gazteak mailan, Beñat Txoperenak 22 eta 20 irabazi zion Txarutako Oier Bereauri eta kadete mailan, Imanol Goienetxek 22 eta 15 irabazi zion Txarutako Jon Ollo urdazubiarrari.

Finalak jokatu ondotik sariak eman zitzaizkien txapelketan parte hartu duten pilotari guziei eta argazkiak atera zituzten elkarrekin. Ondotik, bazkaria izan zuten antolatzaile, laguntzaile eta pilotariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun