Emaitza ederra lortu dute herriko pilotariek Bortzirietako Banakako V. Txapelketan. Hamar zapel zeuden jokoan ilbeltzaren 21ean Etxalarren jokatutako finaletan eta horietako bortzetan genituen pilotari igantziarrak. Inor guttik espero zuena lortu zuten: euren partida guziak irabazi zituzten. Oihan Canabal, Unai Telletxea, Adur Yanci, Beñat Txoperena eta Imanol Goienetxek hagitz maila ederreko finalak jokatu zituzten. Euren alde erran behar da gainera, Beñat Txoperenak izan ezik –lehenbiziko urteko kadeteetako finala jokatu zuen eta–, bakoitzak bere kategoriko A mailako finalak jokatu zituztela. Final aunitzetara iritsi baina gutti irabazteko fama hartzen hasiak ziren gure pilotariak, baina oraingoan, zortea lagun, egun ezin borobilagoa atera zitzaien.Kanpora begira jarriko zaizkigu orain. Izan ere, badira batzuk dagoeneko hasiak direnak fama haundia duen Zizurko Txapelketa jokatzen eta Belate Elkarteak antolatzen duen txapelketa ere hasteko zorian dago. Geroxeago etorriko dira Doneztebekoa, Herriartekoa, Barañaingoa, etabar…