Orain arteko bidean sakondu nahi du Gizarte Gaietarako Batzordeak

Amaia eta Ainhoa 2006ko abuztuaren 1a

Guraso Eskolan emakumeak izan dira partehartzaile gehienak. Gizarte Gaietarako Batzordearen ustez, «hor bada non eragin eta non lan egin». Utzitako argazkiak

Guraso Eskolak eta oroimena lantzeko tailerra arrakastatsuak izan dira

Orain arteko bidean sakontzea eta bide hori sendotzea izanen da Udaleko Gizarte Gaietarako Batzordearen erronka 2006rako. Helduen heziketa ardatz hartuta, makina bat tailer, ikastaro, formakuntza, aholkularitza zerbitzu eta proiektu paratuko dira abian.

2004ko urtarrilean ekin zion Gizarte Gaietako Batzordeak lan honi. Ordura arte herrian landu gabeko eremu berri bat zabaldu zen, eta lan honetan guraso elkarteak izan ditu, bereziki, bidelagun.

Guraso Eskola martxan paratzeko indarra egin zen lehenbizi. Arrakasta neurrigabea izan da: bi talde osatu ziren lehenbiziko ikasturtean, 2004-2005ean, eta bertze bi osatu dira 2005-2006 ikasturte honetan. 30na guraso aritu dira ikasturte bakoitzean sei saioko bi txandatan. Aurtengo ikasturteko bigarren txanda ere oraintxe hasiko da, eta matrikula zabalik dago. Bidari elkarteko Blas Campos pedagogoaren gidaritzapean joan dira bi ikasturte hauetako guraso eskolak.

Nafarroan hainbat herritan gisako esperientziak egon arren, Blas Camposek berak ere nabarmendu du lehenbiziko esperientzia dela hiru ikastetxetako guraso elkarteak eta Udala elkarlanean aritu izana proiektuaren diseinuan eta garapenean, eta “nabarmentzeko modukoa” izan da hau bere irudikotz.

Parte hartzeari dagokionez, emakumeak izan dira jaun eta jabe: lehenbiziko ikasturtean parte hartzaile guztiak izan ziren emakumeak, eta bigarren ikasturtean, bi gizon ez bertze, gainerako guztiak emakumeak izan dira. Hor bada non eragin, eta non lan egin Batzordearen ustez.

65 urtetik goitikoentzat ere “Oroimena lantzeko tailerra” antolatu dute ikasturte honetan. Otsailera arte arituko dira. Tailerrak harrera ezin hobea izan du, 37 pertsonak eman baitute izena, Amaia Pandoren gidaritzapean.

Guraso Eskolako esperientzia aberasgarritik abiatuta, eta bereziki partaideen interes eta gogoa agerian gelditu denez, Gizarte Gaietarako Batzordetik abiatutako lanari segida eman nahi izan diote, eta udaberri honetarako eskaintza zabala prestatu dute. Eskaintza honetan Guraso Eskolan landu diren zenbait gaietan sakontzea bilatzen da, eta Guraso Eskolan gurasoek agertutako kezka, desio eta jakinmin horietan sakontzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun