Bortzirietako Euskara Mankomunitateak joan den astean ekin zion berriz ere Bai Euskarari Akordioko ziurtagiriak sustatzeari. Aurten sustapen lana ez da iaz bezain modu sakonean eginen. Izan ere, guztira 60 gizarte eragile bisitatzeko asmoa du; iaz 130etik goiti izan ziren bisitatutakoak. Sustapen lanerako bi teknikari kontratatu ditu Mankomunitateak, Abel Bastida eta Eneko Zestau. Langile horiek urtarrilaren 23an hasi ziren lanean, Cederna-Garalurrek Alkaiagako industrialdean duen egoitzan. Haiei dagokiei hautatutako gizarte eragileei deitzea, eta bai Euskarari Ziurtagiria zer den bertatik bertara azaltzeko hitzordua finkatzea. Euskara normalizatzeko konpromisoak hartzeko prest agertzen diren eragileek beren erakundeari buruzko datu batzuk emanen dituzte, eta, ondoren, Kontseiluari dagokio ziurtagiria ematea.
Sustapen kanpaina akautu bezain laster, 2005ean ziurtagiria eskuratu zuten eragileei ebaluazioa eginen die Kontseiluak. Ebaluazio horren helburua da eragileek euskara normalizatzeko hartu zituzten neurriak bete dituzten ikustea. Horren arabera, konpromiso berriak hartzeko eta ziurtagiria berritzeko aukera izanen dute.
Bai Euskarari Ziurtagiria banatzeko ekitaldia datorren apirilaren 8an, larunbatarekin, eginen da Berako Kultur Etxean. Ekitaldi horretara gonbidatuak egonen dira, batetik, aurten lehen aldiz ziurtagiria lortu duten gizarte eragileak, eta, bertzetik, iaz ziurtagiria lortu eta aurten, ebaluazioa egin ondotik, konpromisoak berritu dituzten eragileak.
Eragile bakoitzari dagokion ziurtagiria emanen zaio, hiru maila ezberdinetako ziurtagiriak baitaude: Bidean, Guk Zerbitzua Euskaraz eta Guk Zerbitzua eta Lana euskaraz.