139 Bai Euskarari Ziurtagiri banatu ziren Beran

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 12:13
Utzitako argazkiak

Apirilaren 22an egin zen ekitaldia Kultur Etxean

Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa egin zien apirilaren 22an Bortzirietako hainbat enpresa saltoki eta era guztietako entitateri. Bertan, Kontseiluko idazkari nagusia, eskualdeko euskalgintzaren ordezkaria, udalen bozeramalea eta Bai Euskarari Ziurtagiria duen enpresa bateko ordezkaria elkartu ziren. «Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen dugunontzat honelako egunak pozgarriak dira, duela sei urte abian jarri genuen Bai Euskarari Akordioa, garatzen ari dela eta fruituak ematen dituela ikusten baitugu», adierazi zuen Xabier Mendiguren idazkari nagusiak.

Ekitaldi honetan Bortzirietan euskararen normalizazioa lortzeko konpromisoak hartu dituzten eragileek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dute. Guztira, 139 entitatek lortu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Bortzirietan eta 33 entitate berrik jaso dute lehen aldiz. «Euskara bizitzako arlo desberdin askotan normaltasunez ikusi eta entzutea lortzen ari dira. Bai Euskarari Ziurtagiriak balio beza konpromiso hori bideratu eta gizartearen aurrean harro azaltzeko» azpimarratu du Mendigurenek.

Euskara erabiltzeko mezua zabaltzen ari bada ere, euskarak bere tokia berreskuratzeko lana zabalagoa dela aldarrikatu zuen euskalgintzako ordezkariak. «Euskararekiko konpromisoa hartu duzuen erakundeek eutsi egin behar diozue horri, konpromiso bidean daudenek urratsak eman behar dituzte, eta oraindik konpromisorik hartu ez dutenengana ere iritsi egin behar dugu», ohartarazi du Mentxu Peñak, eskualdeko euskalgintzako ordezkariak.

Euskararen normalizazioaren aldeko prozesuan instituzioek parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute. «Bortzirietako udalek gizarteak euskararen alde egin duen apustuarekin bat egiten dute, euskararen aldeko lanean guztiok baikara beharrezko», adierazi du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkariak, Vicente Arotzenak. Urdibera Kirol Zerbitzuetako Leire Portu, Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresen ordezkari gisa aritu zen: «Konpromisoak hartu ditugun erakundeok bidea irekitzen ari gara bertze batzuek urrats beretatik aurrera joan daitezen». Bere ustez, Bortzirietan eta Euskal Herri osoan euskaraz bizi, ikasi, lan egin, erosi, irakurri, informatu eta abar egitea gero eta «errazago» izanen da denon artean arituz gero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun