Toki-Ona Bortziriak taldea sendotzen ari da urtetik urtera

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 24a, 11:05
Utzitako argazkiak

Senior eta nesken infantil taldearekin batera pre mini-basket talde mistoa kantxaratuko da

Duela bizpahiru urte junior mailako taldearekin hasi zenetik, saskibaloiaren harrobia lantzen ari da Berako Toki-Ona Bortziriak taldea. Talde haren oinarria, orain senior mailan ari da Nafarroako bigarren mailan. Liga hasiera txukuna egin dute eta lehenbiziko fasea sailkapen buruan akautu dute. Orain, lehenbizikotik bederatzigarren postura bitarte erabakitzeko fasean ari dira. Berako Jon Irazoki, Fermin Berrueta, Iker Juarez, Iñigo Irazoki eta Mikel Irazoki; Lesakako Francisco Javier Oiartzabal, Imanol Etxeberria eta Pantxito Telletxea eta Etxalarko Roger Bergmanek osatzen dute taldea. Imanol Etxeberria eta Roger Bergmanek entrenatzaile lana ere egiten dute.

Infantil mailako neskek lehenbiziko denboraldia dute Nafarroako Kirol Jolasetan. Bistan denez, esperientzia eza ordaintzen ari dira, baina pixkanaka jokua hobetzen ari dira. Horren erakusgarri, otsailaren 4an denboraldiko lehenbiziko partida irabazi zuten Berako neskek. Nafarroako Kirol Jolas hauetan kirolari guzien partehartzea saritzen da. Horregatik, talde guziek guttienez zortzi jokalari aurkeztu behar dituzte eta guziek jokatu behar dituzte guttienez hamar minutu.

Infantil mailako nesken taldeko jokalari guziak Berakoak dira: Begoña Tapia, Leire Eltzaurdia, Andrea Irazoki, Ainhoa Zelaieta, Clara Zia, Leire Zia, Amaia Izquierdo, Elisabeth Irazoki, Marian Musgo, Itxaro Errandonea, Maialen Txantre eta Maria Irigoien. Jesus Alacid da entrenatzailea eta Unai Alacid bigarren entrenatzailea. Infantil mailako neskekin ez ezik, txikiagoekin ere hasteko asmoa dute orain. Hamar urteko 8 neskekin eta 3 mutikoekin, pre mini-basket mixto lehiaketan hastekoak dira otsailaren 25etik aitzinera Nafarroako Kirol Jolasetan. Hemen ere, pixkanaka saskibaloiaren oinarriak ikasi eta jolasten gozatzeko helburua izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun