Aurtengo iñauteak gainean ditugu. Aste honetan berean, ortziralean, hasiko dira etxez-etxe mozorroak eginen duten eskearekin. Orain dela guttira arte ortziral ilunabarrean biltzen ziren urteroko ibilbidea Berrizaundik hasteko. Kontua zen larunbatez larri ibiltzen zirela gelditzen zen ibilbide guzia egiteko. Orain, berriz, ortziral eguerdian elkartuta, herri gehientsua eta Berrizaun Auzoa egiten dituzte gauerako eta gainekoa larunbatez. Mozorrotan ibili nahi zutenentzako zerrendak paratu zituzten herriko ostatuetan aitzin horretan eta 40tik goiti omen dira izena eman dutenak. Ez dago gaizki. Bertzalde, dakizuenez, eskolan ere egiten dituzte euren iñautetxoak. Ortzegun Gizen eguna betidanik errespetatzen denez, 23an eginen dute etxez-etxeko eskea, taldeka banatuta. Hurrengo egunean, berriz, eskolan bertan izanen da mozorro-besta. Eguerdian eskolako haur guziak elkarrekin bazkalduko dute eta arratsaldean antzerkia eginen dute zikloka. Antzerki hau da eskolan urtean egiten den bestarik politenetakoa eta jende gehien biltzen duenetakoa ere bai.