Oraindik-orain neguan gaudenez gero, mendi gainetara itzulixka egitera ateratzea zailago egiten zaigu: hotza, eguraldi txarra… Mendi zale amorratua denak ordea, beti bilatzen du egunero ez bada asteburuero mendi irteera egiteko astia. Nolanahi ere, urtesasoiz-urtesasoi mendiaren ezaugarriak aldatzen baldin badira ere, (kolorea, gainazala, zuhaitzak…) mendia beraren xarmak tinko irauten du. Udaberriarekin batera, eguraldiak ere hobetzeko joera izaten du. Oraindik urrun baldin bada ere lore eta hostoen urtaroa, mendi elkarteek edo taldeek mendi ibilaldien egutegia urte ikasturte hasieratik finkatzen dute. Ekaitza elkarteko mendiko batzordeak maiatzaren 21a hautatu du aurtengo mendi itzulia antolatzeko. Bi urtez egin ondoren, iaz atsedenaldia izan zuen ekimenak, bi urtero behin egitea erabaki baitzuten. Mendiarekin erlazionaturikoa ordea Goizuetara egin zena izan zen joan den urtean. Arantzako mendi zirkua ezagutzeko edizio berri bat izanen da aurten beraz eta Ekaitza elkarteko mendiko batzordea burubelarri lanean ari da ekintza prestatzen. Xehetasun gehiago hurrengo hilabeteetan emanen badugu ere, mendizalea denak bere agendan azpimarratzeko bertze data bat izan dezake. Gogoratuko duzuenez, 2003 eta 2004an lehenengo bi edizioak egin ziren eta ehunka mendizale bertaratu zen finkatutako egunetan, ekainaren 8an eta maiatzaren 30ean hurrenez-hurren. Eguraldiak huts egin zuen bi urteetan, behe lainoa eta euri langarra ez baitira mendirako sobera lagun onak eta erosoak. Aroa ordea ez zen traba edo oztopo izan bi aldietan ere, eta aurten ere seguru gaude egun borobila aterako dela.