Herriko bi lantegi handienetan kezka eta arazoekin segitzen dute

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 24a

Zalain-Zokoko lantegian lau orduko lan uzteak egin ziren otsailaren 8an

Herrian langile gehien enplegatzen dituzten bi lantegiak, Arcelor eta Zalain-Zokoko Condesa kezka eta arazo-iturri izaten segitzen dute asteotan. Zalain-Zokon, langile bat kanporatu zutela eta, enpresa komiteak lau orduko geldialdiak deitu zituen otsailaren 8ko goiz eta arratsaldeko txandetan. Lan uztea hagitz ongi segitua izan zen eta enpresa erabat gelditu zen, labeetako guttieneko zerbitzuak izan ezik. Enpresaren aitzineko aldean ere elkarretaratze jendetsua egin zuten. Condesako langileez gain, eskualdeko ELA eta LABeko ordezkariak eta Lesakako Arcelor-eko Enpresa batzordeko kide batzuk han izan ziren, «Despidorik ez, langilea errespetatu».

Etorkizunari buruzko kezka Arcelor-en

Arcelor-eko Enpresa Batzordea aipatu dugunez, Lesakan 700 langile eta Legasan 110 dituen lantegi honetan ere kezkatuak daude langileak. Jakina denez, Indiako Mittal Steel enpresak OPA baten bidez Arcelor erosteko asmoa agertu du. Lanpostuak eta inbertsioak mantenduko lituzkeela jakinarazi badute ere, etorkizunari buruzko kezka agertu du Arcelor-eko Enpresa Batzordeak. Aurelio Gutierrez, Enpresa Batzordeko idazkariak aipatu digunez, «momentuz zalantzak ditugu, ez baita Plan Industrialik aurkeztu, baina ez zaigu gustatzen, Mittalek orain arte lantegiak sistematikoki ixteko bidea aukeratu baitu. Lesakan frogatu ahal izan dugu jabe aldaketa guziekin egoerak okerrera egin duela eta lanpostuak galdu direla. Arcelor-en daukagun planarekin, badakigu 2015-2020 urtera arte neurri traumatikorik ez dela izanen, Mittalekin ezin jakin». Oraingoz, Nafarroako Metalaren Federazioak bilera eskatuko du Nafarroako Gobernuarekin, gai honetan esku hartzeko eskatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun