Komertzioak, ostalaritza eta zerbitzuak ere barne hartuko dituen elkartea sortzen ari dira. Momentuz kudeaketa batzordea ari bada ere, martxorako espero dute batzorde ofiziala martxan jartzea . Elkartearen helburua konpetentziaren aitzinean komertzioen berrikuntzetan, profesionaltasunean eta formazioan irabaziz pausu kualitatiboa ematea da. Elkartean 60 komertziok parte hartuko dute (Ibardingoak ezik, euren elkartea dutelako). Prozesua duela urte bat hasi zen, merkatariek Bertizko Partzuergoarekin zenbait ezadostasun zituztelako. Elkartearen bertze helburua herrikoek herriko dendetan erostea da, izan ere, jende aunitz joaten baita kanpora erosketak egitera, Irunera batez ere. Inkestek diotenaren arabera, herritik kanpo erosteko arrazoia eskatzen dena Beran ez eskaintzea, edo eskaintza murritza izatea omen da. Bertzalde, Berako dendariek ematen duten tratua hobea omen da kanpokoenaren aldean. Helena Santesteban alkateak dioenez, elkarte honek merkataritza guneak bultzatuko ditu, eta Berako Udala komertziante eta Nafarroako Gobernuaren arteko kudeaketa errazten saiatuko da.