Etorkizuneko garapena nondik joan behar duen adosteko foroak lanean

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 24a, 09:05
Bortzirietako lehen foroa Arantzan egin zen eta bortz herrietako hainbat lagun bildu zituen, mugikortasunaz aritzera. Utzitako argazkiak

Agenda XXI delakoa ez da oraingo kontua. Rio de Janeiron sortu zen 1992an, mende honetan munduak jasateko moduko garapenak zein bide hartu behar duen eztabaidatu zenean. Baztanen eta Bortzirietan Agenda XXI delakoari ekin zioten Udalek joan den urteko uda

Agenda XXI eztabaidatzen duten Foro hauen lan-dinamika erraza da. Bilerak, aitzinetik jakinarazi den gai baten ingurukoak izaten dira: Bertan biltzen direnak taldeka banatzen dira eta gai horren inguruan aritzen dira. Euskaraz eta gazteleraz aritzeko taldeak osatzen dira eta bakoitzaren iritziak paperean bildu eta ezagutzera ematen dira. Patxiku Irisarri, Etxalarko alkateak jakinarazi digunez, nolabait Bortzirietako Plan Estrategikoa egin nahi du Agenda XXIek. «Agenda XXI lehendabiziko udaletxetatik sortu da, eta nolabait hori gizarteratu nahi da. Helburu nagusia, jendearen partehartzea da. Hainbat gai daude eta denok dugu gure iritzia. Iritzi hori plazaratzeko eta ezagutzera emateko aukera bada foroetan. Bigarren helburua zonaldeko ikuspegi bat irekitzea izanen litzateke. Orain arte beti ibili gara norbere herriari begira eta orain ikuspegi hori Bortzirietara zabaldu eta horretan lan egin nahi da. Hirugarren kontua, garapen jasangarria bultzatzea izanen litzateke». Hau idazterakoan, Bortzirietan hiru foro gelditzen dira egiteko: otsailaren 14an, ingurumenari buruz aritzekoak ziren Lesakan. Otsailaren 21ean, ekonomiaren inguruan arituko dira Beran eta martxoaren 14an, udal kudeaketa eta partehartzea izanen dute solasgai Arantzan. Baztango Agenda XXI Foroari dagokionez, udal planeamendua eta etxebizitzari buruz arituko dira ortzegun honetan, otsailaren 16an Elizondon. Bilera guziak 19:00etan izaten dira eta behin eta berriz deialdietan erraten dutenez, parte hartu nahi duten guzien ideiak eta iritziak ongi etorriak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun