Aurtengo igerileku denboraldia ez da ohikoa izanen

Oskar TXOPERENA 2006ko uzt. 20a, 12:48
18 urtetik beheitikoek edozein herritako txartelarekin Bortzirietako piszina guzietan sartzen ahal izanen dira. TTIPI TTAPA

Hamabortz egun bertzerik ez dira falta igerileku denboraldia hasteko. Maiatzaren erdialdera akautu zen ostatua eta aldagelak zaindu nahi zutenek eskaintzak egiteko epea. Aurkeztutako eskaintza bakarra Axun Iribarrenena izan zenez, lana berari ematea erabaki zuen Udalak. Ekainaren 15a izanen da denboraldiko lehen eguna eta ekainaren 5etik aitzinera ateratzen ahal izanen dira txartelak Herriko Etxean. Ez ditugu salneurri guziak aipatuko, baina hauek izanen dira gehien erabiltzen direnenak: denboraldi osorako helduak: bertakoak (36,57 €) eta helduak (62,26 €); eguneko sarrerak: 4,90 €. 18 eta 10 urtetik beherakoentzat salneurri bizkorki merkeagoak dira. Gai honi lotuta, Bortzirietako Guraso Elkarteek sartutako eskaria eztabaidatu eta onartu zuen Udalak. Honela, txartela Bortzirietako edozein herritan ateratzeak igerileku guzietako ateak zabalduko dizkie 18 urtetik beheitiko bortziritarrei udan. Bertzalde, Lesakako igerilekuak aurtengo udan itxita egonen direnez, bertako Udalak zenbait erabaki hartu ditu. Bertzeak bertze, autobusak paratu behar ditu lesakarrak Bera eta Igantziko igerilekuetara joateko. Horrek, ezbairik gabe, igerilekuan ibiliko den jende kopurua haunditzea ekarriko du. Ea pazientzia pixka batekin behar bezala moldatzen garen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun