Asier Apezetxea, 26 urteko txirrindulari aranztarrak ezusteko ederra eman zuen maiatzaren 28an Errenterian jokatu zen Euskadiko Mendi Bizikleta txapelketan eta garaipen gogoangarria eskuratu zuen. Conor Saltoki taldearekin ari den Apezetxea esprintean nagusitu zitzaion Bikezonako Patxi Zia nafarrari eta honenbertzez, Euskadiko txapeldun berria da. Urko Munduatek osatu zuen podiuma. «Unai Yus zen faborito nagusia, bera profesionala da eta hor zegok koxka, gainerakoak lanean aritzen gara eta. Gauzak normal joanda ez nuen irabaztea espero, baina gero poza doblea izan zen». Euskadiko Openerako puntuagarria zenez, sailkapen horretan lehenbizikoa den Patxi Ziarekin duen aldea murriztu du Apezetxeak, aranztarra bigarren baita: «Hiruzpalau proba falta dira eta 12 puntu gibeletik naiz. Ahal den gehiena estutzen saiatuko naiz, baina zail dago». Baina Vasco-Navarro zirkuitoan ere lehian ari da eta hor sailkapen buruan dago. «Oraindik 9-10 proba falta dira, baina abantaila kozkorra daukat».
Espainiako txapelketa igandean Bilbon
Bi lehiaketa horiek baztertu gabe, igande honetan, ekainak 18, Bilbon jokatuko den Espainiako txapelketarako prestatzen ari da orain Apezetxea. «Nere ilusioa hamar lehenbizikoetan sartzea da. Iaz hamaseigarren izan nintzela kontuan hartuz, helburu handia da, baina horretan saiatu behar dut, talde handiek nigan begia jartzea nahi badut, hori da gure eskaparatea». Izan ere, pare bat urtez bederen, profesionalki mendi bizikletan aritzea da aranztarraren ilusioa: «Egunero entrenatzeko motibazio bat behar da eta momentu honetan hori da nerea, baina mendi bizikletan ez dago erraz». Horretarako sponsorra beharrezkoa da, materialaz gain, «bizi ahal izateko fitxa bat ordaintzeko prest egonen litzatekeena». Aurten, Berako Katea-Bike taldetik Conor Saltokira pasatu da, profesionaltasun horretara hurbiltzeko asmoz: «Katea-Bikek oraindik ere pila bat laguntzen dit eta beti eskertua egonen naiz, baina Conor Saltoki Euskal Herriko talderik hoberena da, bizikleta bikainak ematen dizkigute, arropa, bidaietako gastuak… Ez gaituk profesionalak baina hurbiltzen gaituk». Aurten Federazioak Tafallako Javi Moso prestatzailea ere ordaintzen dio. «Horrek ere laguntzen du, noski. Iaz findu eta oinarria hartu nuen eta horren gainean lan egin dugu».
«Jautsieretan ongi moldatzea izaten zen nere ezaugarri nagusia, baina orain osoagoa naiz: lohiarekin dexente moldatzen naiz eta maldan goiti ere aunitz hobetu dut»