AEKko barnetegiak izanen dira aurten ere uztaila eta abuztuan

Nerea ALTZURI 2006ko uztailaren 20a

Euskara ikasi eta praktikatu ez ezik, herria girotzen dute eta herritarrak harremanak izaten dituzte Aterpeko barnetegian uztaila eta abuztuan izaten diren euskaldun berriek. Xan Harriague

Urte mordoxka daramate Aterpean udako barnetegiekin

Ekainaren erdian gaude. Laister eskolako umeak oporraldian izanen dira eta hainbat lagun ere udako atsedenaldia nola antolatu prestatzen ariko dira. Urte aunitzetako esperientziarekin, Arantzako Aterpean aurten ere udako bi hilabeteetan AEKko barnetegiak izanen dira. Urte osoan Euskal Herriko xoko gehinetatik haur eta gaztetxoak astebeteko edo egun batzuetako egonaldiak egiten dituzte Aterpean, euskalduna den xoko bat aukeratzen baitute euskaraz mintzatzeko. AEK-ko barnetegiak berriz, uztailaren 3tik hasi eta lau hamabortzaldietan talde ezberdinetan banatuko dira. Herriko eskolan klaseak izanen dituzte eta egonaldia berriz, otorduak eta lo egiteko zerbitzuak alegia, Aterpean emanen dituzte. Uztailan hasi eta abuztuaren 31a bitare beraz, herrian bixitasuna areagotuko da, euskaraz ikasi eta praktikatu nahi duten adin eta leku ezberdinetako kuadrilekin. Klaseekin batera, tailerrak eta irteerak ere egiten dituzte, hala nola, herriko xokoak ezagutu, eskualdeko hedabideetara bisita, Zugarramurdi eta Urdazubiko kobazuloetara ateraldiak...Herritarrekin hartueman zuzena, etxekoa izaten dute barnetegikoek: herriko ekitaldietan parte hartuz, ostatu eta dendetan tragoxka eginez, hameketako eta erosketak eginez... Hirugarren urratsetik hasita maila ezberdinetako lagunak euskaraz mintzatzea eskertuko dute. Herri euskaldunaren izena eta izana manten ditzagun beti, udan ez ezik urte osoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun