Uztailaren 2an Orbaitzetan jokatu zen Iparraldeko Joku Torneoaren hirugaren eta azken jardunaldia. Honenbertzez, sailkapen orokorra ere erabaki zen. Koxkor biltzen, Iñigo Lasaga etxalartarra izan zen bizkorrena Orbaitzetan. Baina txapelketa honetan, bi denborarik onenak kontuan hartzen direnez, Fernando Etxegarai beratarra izan da txapeldun, Iñigo Lasaga eta Patxi Irazoki igantziarraren aitzinetik. Ingude altxatzen, Xabi Sein igantziarra izan da irabazle, Carlos Sein anaiaren aitzinetik. Harrijasotzen, Xabier Igoa nagusitu da, Josetxo Urrutia leitzarraren aitzinetik. Lasto altxatzen ere Xabi Sein igantziarra izan da garaile, Iñaki Bereau, Carlos Sein eta Oskar Telletxea herritarren aitzinetik. Hain xuxen, Oskar Telletxea izan da txinga eramaten txapeldun, Garraldako Jon Iriarte, Aldatzeko Xabier Igoa eta Josetxo Urrutiaren aitzinetik. Zakularien lasterketan Berriozarrek irabazi zion Igantziri (Iñaki Bereau, Xabier Ariztegi eta Carlos Sein).