Fernando Etxegaraik Euskadiko txapelketa irabazi zuen Isaban

Xan Harriague 2006ko uzt. 14a, 10:41
Utzitako Argazkia TTIPI TTAPA

Unai Barazabal azlpilkuetarra ustekabean hirugarren izan zen

Xan HARRIAGUE Fernando Etxegarai, Manttale taldeko korrikalari beratarrak Euskadiko Mendi Lasterketa irabazi zuen uztailaren 3an, Erronkariko mendietan burututako Camille Extreme lasterketa gogorra irabazi ondotik. 31 kilometroko luzera eta 3.500 metroko desnibela duen proba akautzeko 3 ordu 5 minutu eta 4 segundu behar izan zituen Etxegaraik eta kasik hamar minutu atera zizkion bigarren izan zen Arkaitz Soduperi. Hirugarren postua, urtetan txirrindularitzan aritu den AzpilkuetakoUnai Barazabalek eskuratu zuen, Sodupek baino 6 segundu gehiago erabilita (3h.14’51”). Hasierako kilometrotan Ionut Zinka faboritoa aitzinetik izan zen eta 16. kilometroan lau minutuko aldera ateratzen zion lehen segitzaileari. Baina Etxegaraik lasaitasunez hartu zuen proba: «Joan den urteko partehartzeak kontrolatu behar zela eta bukaerarako indarrak gorde behar zirela erakutsi zidan». Zinka bosgarren izan zen azkenean. Manttale taldeko bertze korrikalariei dagokienez, Patxi Irazoki igantziarra zortzigarren izan zen; Unai Santamaria hernaniarra bederatzigarren, Joselu Loiarte eta Loro Pikabea beratarrak 32 eta 33. postuetan sartu ziren eta Ramuntxo Lamothe saratarra 57.ean. Emakumeen artean, Alicia Romerok irabazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun