EAk Etxalarko argi-mozketak eta Iberdrolaren jarrera salatu ditu

ttipi-ttapa 2006ko maiatzaren 11

Eusko Alkartasunaren ustez, Iberdrolak eskaintzen duen kalitatea ez da XXI. mendean eskatzen ahal dena. Etxalarren lau argi-mozketa izan dira 2006an. TTIPI TTAPA

Enpresa honek kalitateko zerbitzua zor duela adierazi du

Etxalarko Eusko Alkartasunako udal taldeak herrian izaten diren etengabeko argindar mozketak eta Iberdrola enpresaren erantzun eskasa salatu nahi izan ditu idatzi baten bidez. Arantxa Zubieta, EAko zinegotziak jakinarazi duenez, «lau urte baino gehiago ditugu arazo berarekin Etxalarren, behin eta berriz izaten baititugu argi-mozketak. Iberdrolarekin auniztan bildu gara eta azkenean, kexa formala aurkeztu ondotik, aitzaki hutsak hartu ditugu erantzunean, lasaitasuna emanen digun inolako soluziobiderik gabe. Soluzioa nahi dugu berehala, Iberdrola bezalako enpresa handi batek neurririk hartu gabe ezin gaitu horrela utzi».

2006an, Etxalarren bi hilabetez lau argi mozketa izan direla salatu dute. Denbora laburrekoak izanik ere, bizilagunentzat traba dira. Egoerak zerbait hobera egin badu ere, «kalitatea ez da XXI. mendean eskatzen ahal dena. Etxalartarrok bertzeak bezalaxe ordaintzen dugu eta kalitateko zerbitzua zor zaigu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun