Agiñan hiru ibilbide tematiko mugatzeko lanak emanen dira

Aitor AROTZENA 2006ko mai. 11a, 16:48
Agiña ingurua suspertzeko eta bisitariei erakargarri egiteko lanean ari da Udala. Lehenik, hiru ibilbide tematiko mugatuko dira. Agiña ingurua ez ezik, herrigunea eta Alzuzako Oteiza Museoa ezagutzeko

Agiña, herrigunea eta Oteiza Museoa ezagutzeko bisitak eginen dira

Agiñako estazio megalitikoaren inguruan, hiru ibilbide tematiko mugatzeko lanak prozedura negoziatuaren bidez adjudikatzeko asmoa du Udalak. Lanen aurrekontua, Udalak onartu duen proiektuaren arabera, 70.000 eurokoa da, BEZ barne eta proposamenak martxoaren 10eko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Lanak akautzeko epeari dagokionez, lanek erabat akaututa egon beharko dute 2006ko ekainaren 20a baino lehen. Ibilbide tematiko hauetan, Agiña inguruko trikuharri eta harrespilez gain, Jorge Oteiza eskulturgileak eta Luis Vallet arkitektuak egindako lanak ere ikusteko modua izanen da.

Bisita gidatuak apirilean

Proiektu honekin eta batez ere, Oteizaren lanarekin lotuta, Udalak bisita gidatuak antolatuko ditu apirilean, “Egun oso bat Oteizarekin, Lesaka-Oteiza” izenburupean. Lau egunez eginen dira bisita gidatu hauek, «artelan, ingurune, herri eta museo baten xarmaz» gozatzeko asmoarekin. Egunean sartuko da garraioa, bisita gidatua Agiñako Aita Donostiara, Aranzadi Zientzia elkartearen eskutik, ibilaldi gidatua Lesakako herrigune historikotik Rafael Eneterreagaren laguntzarekin, bazkaria eta bazkal ondoan bisita Alzuzako Oteiza Museora, oraingoan Oteiza Fundazioaren laguntzarekin. Egun osoaren prezioa 25 eurokoa izanen da eta informazioa eta erreserbak 012 edo 948 217012 telefonoetan egin behar dira lehenbailehen, kontuan hartuz leku mugatuak izanen direla.

Lehenbiziko ateraldia apirilaren 8an eginen da Donostiatik, Anoetako Bar Xantitik 8:30etan abiatu eta 19:00ak aldera bueltatuz. Apirilaren 9an Lesakatik eginen da ateraldia, plazan goizeko 9:00etan eta 19:00ak aldera itzuliko dira. Iruñetik ateraldia apirilaren 29an eginen da Sarasate pasealekutik 8:30etan eta 19:00ak aldera bueltatuko da autobusa eta azkeneko ateraldia apirilaren 30ean eginen da, berriz ere Donostiatik, leku eta ordutegi berarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun