Berako herriari

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 18a, 12:26

Berako Udala.

Berako Udalak Kottoren heriotzak eragindako gastuak ordainduko zituela eta orain hitza ez duela bete erranez salaketa egin zaigu prentsaren bidez. Udala osatzen dugun taldeok salaketa honen gibelean dagoen gezurra eta manipulazioa salatu nahi ditugu, eta argi utzi Udalak ez zuela inongo momentutan gastu horiek ordaintzeko konpromisurik hartu. Kottoren heriotzak samin izugarria ekarri zuen Euskal Herrian, eta bereziki Beran. Samin hori askatasunaren eta giza eskubideen defentsa egiten dugun guztiok geure egin genuen, eta egiten dugu. Samin hori agertu nahi izan genuen ahobatez ezohiko osoko bilkura deitu genuenean Berako Udalean. Ahobatez onartu zen mozioa, Herrialde, EA, Aralar eta Berainezen babesarekin, lau taldeek aitzinetik adostua eta negoziatua izan baitzen. Eta ez mozio horretan, eta ez horren prestakuntzan, inongo momentutan ez zen alderdi ekonomikoa eztabaidatu, eta ondorioz, Udalak ez zuen inolako konpromisurik hartu maila horretan. Mozioak berak biltzen duen bezala, beharrezkoak ziren gestio guztiak egiteko eskaini zuen bere burua Udalak, eta familiak hala eskatuz gero hil kapera Herriko Etxean paratzea ahalbideratuko zuela.

Egun horietan tentsioa ahalik eta ttikiena izan zedin, egoeraren gogorrean ahalik eta “normaltasun” handiena egon zedin, eta guztion samina karriketan era baketsu eta librean adierazteko bide guztiak bermatzeko ahalegin guztiak bermatzen ahalegindu zen Udala. Erraztasun guzti-guztiak paratu ziren, errespetutik Kottori azken agurra bakoitzak nahi moduan eman ahal izateko.

Baina horra gure harridura gutun batean gure hitza jan izanaz leporatzen zaigula. Sekula hartu ez genuen hitza. Sekula eztabaidatu ez genuen kontua. Fakturak aurkeztuz eskaria egin zitzaion Udalari gastu horiei aurre egiteko, eta Udalak egoera hori aztertuko zuela erantzun zitzaion familiari, zein Berainezeko kideei. Aztertu bai, baina inoiz ez ordainduko zitzaiela erran. Udalaren erabakiarekin ados ez egotea gauza bat da, eta bertze bat hagitz desberdina gezurra erratea eta Udala gezurtitzat hartzea. Bertze behin, oinarri-oinarrizko begirunea eta errespetua urratu da, eta bizikidetza hausteko edozein aitzakia erabiltzeko prest agertu dira salaketa egin dutenak. Herri honek, Kottok, zein bere familiak gehiago merezi dutela uste dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun