Patxi Vila, Italiako Lampre taldean ari den txirrindulari beratarrak profesionaletako lehen garaipena eskuratu zuen martxoaren 8an, Paris-Nizako hirugarren etapan. Profesionaletan daramazkin sei urteetan langile fina izan da Vila, taldeburuentzat morroi lan aparta egin duena. Horren erakusgarri iazko Giroan Alpeetan Cunego eta Simonirentzat egindako lan ikusgarria. Baina iazko bueltan pentsaeraz aldatzen hasi omen zen: «Beldur handi bat eduki izan dut betidanik, txirrindularitza garaipenen bat lortu gabe uztea, eta saiatzen hasi nintzen». Saiatu eta egin: Julienas eta Saint-Etienne arteko 168,5 kilometroko etapan, ihesean sartu, azkenean Floyd Landis estatubatuarrarekin bakarrik gelditu eta etapa irabazi zuen. Sailkapen orokorra ere bi hauen esku zegoen, baina hau idazterakoan oraindik ez zen akautua Pariz-Niza laisterketa. Vilarentzat handia litzateke!