7,1 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak EAJ-EAren aldeko botuekin

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 24a

Oninek kontrako botua eman du «zenbait inbertsio batzordeetatik pasatu ez direlako»

Udalak 7.113.780 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten, azken batzarrean EAJ-EAren aldeko botuekin eta Oninen kontrakoekin onartutako aurrekontuaren arabera. Kultur Etxea, igerileku estalia, Eskriboneako lokalak eta Hirurteko Azpiegitura lanetan onartutako hainbat obrei ekinen zaiela kontuan hartuz, historiako aurrekonturik handiena izanen du herriak. Andra Mari Zahar Etxearen aurrekontua, berriz, 484.440 eurokoa izanen da, diru sarreretan eta irteeretan berdindua.

Aipatu bezala, Oninek kontrako botua eman zuen. Deñe Abuin zinegotziak aipatu digunez, «zenbait diru-atal batzordeetatik pasatu gabe zuzenean aurrekontuetan sartuak ziren eta zenbait kontzepturekin ez geuden ados. Horregatik mahai gainean uztea eskatu genuen hobekiago aztertzeko, baina ez zen onartu eta kontra bozkatu genuen». Juan Fermin Mitxelena alkatearen erranetan, aldiz, «aurrekontuaren onarpena aitzintzea eskatu ziguten, Onineko zinegotzi batzuk opor hartu behar zutelakoz. Hori egin eta gero, aztertzeko denborarik ez zutela erran zuten». Alkatearen ustez, «heldu den urtean hauteskundeak dira eta horrek eragina izanen du. Pena da horrelako obrak dituen aurrekontua denen artean aitzinera ez ateratzea». Lan horien artean handiena igerileku estalia egitea da, 1.700.000 euroko aurrekontuarekin. Lanen ondorioz, uda honetan ez da igerilekurik izanen eta egoera horri soluzio ezberdina eman nahi zioten bi udal taldeek. Azkenean, Igantzi eta Berara autobusak aterako dira goiz-arratsaldez, 18.000 euroko aurrekontuarekin. Oninen ustez, «Kristo-Enean igerileku txukuna egin zitekeen 42.000 euro eskaxekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun