Apirilaren 25ean Berako komertzianteek sortutako elkartearen aurkezpena egin zen Churrut Hotelean. Larun Haitzpe izena hartuko du Berako ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu emaileen elkarteak. Elkartearen estatutu eta kudeaketaz arduratuko den batzordea aurkeztu zuten. Lehendakaria Iñaki Sese izanen da eta batzordeko gainerako kideak Julio Salinas, Martin Goikoetxea, Mª Ascen Astondoa, Mertxe Artieda, Igancio Soroa, Xabier Sarasola, Javier Leiza eta Jose Luis Irigoien. Momentuz 46 bazkidek osatzen dute elkartea. Finantziazioari dagokionez, bazkide bakoitzak urteko 60 euro ordainduko du eta kopuru honen zati bat Nafarroako Merkataritza Federazioarentzako izanen da. Elkartearen helburua aurrerapausu kualitatiboa ematea da eta konpetentziaren aintzinean berrikuntzan, profesionaltasunean eta formakuntzan irabaztea da, baina herriko denda ttikien izaera mantenduz. Bezeroei tratu berezia ematea hagitz garrantzitsua da beraientzat. Bertzalde, elkartearen logotipoa diseinatzeko, duela bi hilabete lehiaketa deialdia zabaldu zuten. Irabazlea Ibai Perez izan da eta honi esker 300 euroko saria eraman du. Hemendik aintzinera berak egindako logotipoa elkartearen zigilua izanen da.