Euskara Mankomunitateak begirale, zaintzaile eta neurtzaileen lan-poltsa osatuko du

ttipi-ttapa 2006ko api. 27a, 13:51
Udalekuetan lanean aritzeko prest egonen diren begiraleen zerrenda nahi du osatu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. ttipi-ttapa

Izen emateko azken eguna martxoaren 31 izanen da

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, hainbat zerbitzu eskaintzeko, batetik, eta Bortzirietako kultur eta gizarte eragile zein gurasoei eskuratzeko, bertzetik, lan-poltsa eratuko du. Izan ere, 2005eko abenduaren 19an egindako bileran, mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak 2006ko plangintza eta aurrekontua onetsi zituen, eta horien barne aurreikusita dago Bortzirietako “begirale, zaintzaile eta neurtzaileen” lan-poltsa sortzea. Mankomunitateak urtero Arantza, Etxalar, Igantzi eta Lesakan antolatzen dituen udaleku irekietan lanean aritzeko prest egonen diren begiraleen zerrenda nahi du osatu, baita aldian-aldian egiten dituen ikerketa lan zein neurketetan kanpo lana egiteko prest egonen direnena ere. Berebat, Bortzirietako gizarte eta kultur eragileei begirale euskaldunen zerrenda nahi die eskuratu.

Bertzetik, Bortzirietako gurasoei, eta bereziki, guraso erdaldunei, euren haurrak zaintzeko prest egonen diren zaintzaile euskaldunen zerrenda nahi die eskuratu.

Izen emateko azken eguna martxoaren 31 izanen da, eta eskaerak behar bezala beteta Bortzirietako Euskara Mankomunitatean aurkeztu beharko dira. Probak egun eta ordu desberdinetan eginen dira, apirilaren 11n eta 12an, inork lanpostu bat baino gehiagora aurkezteko asmoa izan dezakeelako.

Informazio gehiago nahi duenak, edo deialdia bera jaso nahi duenak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatera deitzea bertzerik ez du, 948 634 125 telefonora, edo helbide elektroniko honetara idatzita eskatu: bortziriak@euskalnet.net.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun