Arantzako Gazte Asanblada duela dozena bat urte sortu zen. Gogoz eta ilusioz, agazte talde batek lanari ekin zion herrian. Arantza Rock jaialdiak antolaketa lan haundiena eskatzen badu ere, herriko nahiz Euskal Herriko bertze hainbat ekintzetan eta kanpainetan bere babesa eta laguntza ematen Gazte Asanbladak: euskararen alde, presoen alde…
Azken urteotan gazteen elkartzeko arrazoia Arantza Rock jaialdira mugatu da nolabait eta bolada motelxeagoaren ondoren, berriz ere ekinean ari dira gazteak. Lehengo ordezkariak nahiz gazte belaunaldi berriak batu dira taldera eta hilabetean lehenengo ortzilero, 21:00etan Ekaitza elkartean biltzen hasi dira. Bileren fruituak ageriak glditu dira dagoeneko, proposamen eta ekimenak ugariak baitira Gazte Asanbladaren aldetik.
Joan den martxoaren 4ean ilunabarrean adibidez, Orsaren inguruko solasaldia izan zen Zahar Txokon. Hogeitamar inguru herritarrek parte hartu zuten hitzaldian. Jakina da aski hurbilekoa dela gaia eta nahasmen haundia sortu duela Igantziko herritarren artean. “Ke beltzik ez” plataformako Xabier Telletxeak gaia jorratu zuen eta Orsaren aldeko taldeko ordezkaritza bilerara gonbidatua bazen ere, ez zen bertan izan.
Bertzalde, hilabeteko azken ortziralero presoen aldeko elkarretaratzeak eginen dira Herriko Etxeko plazan. Jende franko bildu da orain arte egindako bi alditan. Hitzordua ilunabarreko zortzietatik zortzi eta erdietara paratua da. Azkenik, helduen dantza ikastaroa egiteko intentzioa dago. Euskal dantzak ikasteko aukera izanen da eta guzia antolatzeko asmoa lotzen ari dira taldean.
Ikusten duzuen moduan, Gazte asanblada lanean ari da eta taldean partaide izan nahi duenak, aipatu moduan, hilabetean behin lehen ortzilero bilera izaten da soziedadean.